Iortia Altsasuko kultur gunea da, Udaleko Kultur Zerbitzuak kudeatua eta kultura bultzatu, lagundu eta zabaltzeko sortua. 2003an hasi zenetik, herritarrak kulturara erakartzeko gune garrantzitsu bihurtu da, eta Udalak han egiten du kultur eskaintza gehiena.
Jakintza alor askotarako gunea izateko sortu zen Iortia, eta arte alorreko esparru desberdinak bultzatzeko eta zabaltzeko eremu batzuk ditu. Erakusketa gelak eta auditorioak antzerki, arte eta zinemako programazio aberatsa eskaintzen dute, eta areto txikiak eta erabilera anitzeko gelak, berriz, beste jarduera batzuk: tailerrak, hitzaldiak, aurkezpenak eta tokiko talde batzuen entseguak. Era berean, Liburutegian eta Udalaren Kultur Zerbitzuaren bulegoetan kulturaren alde lan egiten da.
Berezko programazioaz gain, guneak beste entitate, elkarte eta talde soziokultural batzuk bultzatutako jarduerak ere hartzen ditu. Inguruneari irekia, Iortia Sakanako kulturaren aldeko gunea da.
Informazio gehiago: http://www.iortiakultura.com