Hemen zaude

Sendaberri, Nuevos Paisajes Escénicos - Paisaia Eszeniko Berriak zikloaren udazkeneko programazioa abian da

Asteartea, Iraila 26, 2023

Zikloa Nafarroako Antzoki Sareak antolatzen du, Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuarekin elkarlanean, eta 35 funtzio programatuko ditu udazkeneko denboraldian Nafarroan barna, irailaren 30etik azaroaren 12ra bitartean.

Sendaberri hitz joko bat da, gaztelania eta euskara nahastuz bide berriak esan nahi duena. Horixe da, hain zuzen ere, zikloaren helburu nagusia: Nafarroako Antzoki Sareko espazio eszenikoen programazioa aberastea eta osatzea, parte hartzen duten herrietako ikusleek bertan ohikoak ez diren proposamenez gozatzeko aukera izan dezaten.

Udaberrian zehar Nafarroako artisten presentzia nabarmena izan zuten 29 emanaldi programatu ondoren, irailaren 30ean udazkeneko programazioa hasiko da, Antzerki, Dantza eta Zirku garaikideko 35 emanaldi eskainiz.

 

UDAZKENEKO PROGRAMAZIOA

Udazkeneko egitaraua irailaren 30ean hasiko da Azkoiengo Kultur Etxean, Producciones Maestras konpainiaren "La Malpagá" ikuskizunarekin. Konpainiak udaberrian hasitako birarekin jarraituko du, oraingoan, Murchante, Azagra, San Adrian eta Corella herriak bisitatuz.

Udaberrian hasitako bira jarraitzeko aukera izango duten beste lanak honako hauek dira: Iluna Teatro-ren "Persefone" Castejon eta Cintruenigora helduko da, Maitane Azpiroz-en La Trapecionista konpainiaren "Artxipielago" lana Agoitzera, Noain-en Led Silhouette konpainiaren dantzaz gozatuko dugu "Creepy Crawly" ikuzkizunarekin eta, emanaldiaren ostean, konpainiarekin mokadutxo bat hartzeko aukera izango dute ikusleek. Yarleku Teatrok Zirku Garaikidea eramango du Los Arcos-era "By ò Bu" lanaren bitartez, "Basotik Itsasora 2.0" dantza eta dokumentala elkartzen dituen Dantzaz konpainia eta SCNO2ren arteko koprodukzioa Uharten, Berriobeitin, Zangozan, Lesakan, Antsoainen eta Etxarri Aranatzen, Escena Miriñaque kantabriar konpainiaren "Del otro lado” lana Azagran, Burlatan, Los Arcosen eta Ribaforadan, Markeliñe bizkaitar konpainiaren "Ganbara - El Desván" Vianara gaztelaniaz iritsiko da, eta Berriozar eta Atarrabiara euskaraz, eta Javier Aranda aragoiarraren "Vida" ikuskizunak Peralta eta Lodosa herriak bisitatuko ditu, sariz jositako ikuskizuna, hala nola, antzerki-ikuskizun onenarena Huescako Nazioarteko Antzerki eta Dantza Azokan, edo formatu txikiko ikuskizun onenaren Fetén saria.

 

PROGRAMAZIOARI GEHITUKO ZAIZKION TITULU BERRIAK

Aipatutakoez gain udazkeneko programazioa beste titulu batzuekin osatuko da. Horien artean, Zuk Performing Arts talde nafarra "Yerma" dantza eta antzerki fisikoa nahasten dituen ikuskizunarekin iritsiko da Bera, San Adrian, Altsasu, Ribaforada, Castejon eta Valtierra herrietara. Kasu honetan aipatzekoa da, emanaldiaz gain, herri gehienetan bideo-erakusketa bat egongo dela aurreko astean zehar. Erakusketa horren bidez obraren eta sorkuntza-prozesuaren laburpenak ikusi ahal izango dira bideo formatuan.

Oier Zuñigaren "Eresia, lurra arin bekizu ama" Zizur Nagusian eta Agoitzen izango da. Ikuskizuna euskara hutsean dago, eta, antzerkia, dantza eta kantua nahastuz, doluaren inguruko hausnarketa egiten du, hildako pertsonen omenez abesten ziren euskarazko doinu edo errituak berreskuratuz. Emanaldia amaitzean ikusleek hausnarketarako eta elkarrizketarako gune bat izango dute, ardo eta gazta batekin.

Azkenik, Inma Gonzalezen Trajín Teatro-ren "El grito del cardo" lana Tafalla eta Cintruenigoko herrietara iritsiko da.

 

SARREREN SALMENTA

Ikuskizun horietarako sarrerak parte hartzen duten gune eszeniko bakoitzaren ohiko tokietan erosi ahal izango dira. Programazio osoa www.sendaberri.com webgunean kontsulta daiteke, edo Nafarroako Antzoki Sarearen webguneko agenda bisitatuz, non entitateko espazio eszenikoen gainontzeko programazioa ere kontsulta daitekeen.

Nafarroako Antzoki Sarearen proiektu hau Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Sailaren finantzaketari esker garatzen da (100.000 €), eta parte hartzen duten gune eszenikoen ekarpenak gehitzen zaizkio (97.000 €). Sendaberri programak 12 konpainiaren 64 emanaldi programatu ditu guztira 2023. urtean, Nafarroako Antzoki Sareko bazkide diren 32 herritan barna sakabanatuta.

Cartel del espectáculo "Eresia, lurra arin bekizu ama" de Oier Zuñiga
X
CAPTCHA
This question is for testing whether or not you are a human visitor and to prevent automated spam submissions.
4 + 8 =
Ariketa matematikoa burutu eta emaitza idatzi. Adibidez, 1 + 3, idatzi 4.