Hemen zaude

Nafarroako Antzoki Sareak Sendaberri, Paisaia Eszeniko Berriak Zirkuituaren 2024. Urteko programazioa aurkezten du

Astelehena, Martxoa 4, 2024

Nafarroako Antzoki Sareak Nafar Gobernuko Kultura, Kirol eta Turismo sailarekin elkarlanean antolatutako zikloaren edizio honetan sareko 32 udal herritan taularatuko diren 14 konpainiaren 65 funtzio izango ditugu. Bertan Dantza, Zirkua, Antzerkia, Objektu Antzerkia eta Antzeri Multimedia izango dira protagonista.

Nafarroako Antzoki Sareak "Sendaberri, Paisaia eszeniko berriak” zirkuituaren 2024. urteko programazioa aurkeztu du, Nafarroako Gobernuko Kultura, Turismo eta Kirol Departamentuarekin lankidetzan diseinatutako programa propioa. Programa horren helburu nagusia Sareko espazio eszenikoen ohiko programazioa aberastu eta osatzea da. Besteen artean, gai sozialak edo lengoaia berriak jorratzen dituzten konpainien antzezlanak sarearen hainbat gune eszenikoetara helaraziz, bertako ikusleenganaino proposamen hauek heldu daitezen. Izan ere, ikusleak hasi dira dagoeneko programa hau zerbait ezberdin edo berezitzat hartzen; haien herrialdeetan ez hain ohikoak diren proposamenak ikusteko aukeratzat, alegia.

Nafarroako Antzoki Sarearen proiektu honek 100.000 euroko ekarpena jasotzen du Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Turismo Sailaren eskutik, eta aurtengo edizioan parte hartzen duten udal-herriek 92.000 euroko ekarpena egiten dute. 192.000 euroko aurrekontua osorik programaziora bideratzen dena.

Ignacio Apezteguía, Vianako Printzea Erakundeko Kultura Zuzendari Nagusia, Sendaberri Zirkuituaren programazioaren aurkezpenean izan da, Asier Costa Nafarroako Antzoki Sareko lehendakariarekin, Luis Maya Armendáriz Noaingo Udaleko (Elortz Ibarra) Kultura Zinegotziarekin, Iker Bengotxea zirkuituaren kudeatzailearekin eta programazioan parte hartuko duten hainbat konpainiarekin.

PROGRAMAREN DISEINUAN SARE LANA EZINBESTEKOA

2024ko programazioa 14 konpainien zirku, dantza, antzerki, objektu-atzerki edo antzerki multimediako 65 proposamenek osatzen dute. Mota guztietako publikoentzako proposamenak, sareko bazkide diren 32 espazio eszenikotan ikusi ahal izango direnak. Emanaldiekin batera, publikoarekin topaketak edo emanaldiaren aurreko jarduerak antolatuko dira, hala nola jorratutako gaiei edo gauzatutako sormen-prozesuei buruzko tailerrak edo hitzaldiak. Programazioa osatzeko joan den urrian abiarazitako deialdiaren bidez jasotako proiektuak hartu dira kontuan, baita prozesuan parte hartzen duen lan-taldeak proposatutako beste lan batzuk ere. Prozesu honen ardatzean eskaintza lurralde osoan deszentralizatzea, eskainitako generoen arteko oreka eta Nafarroako konpainiei eta artistei laguntza berezia ematea daude. Erakundeak berak koordinatzen du sare lanaz jositako prozesua eta ezinezkoa izango litzateke herri bakoitzeko kultura-kudeatzaile profesionalen lana eta inplikaziorik gabe.

SENDABERRI 2024 - PROGRAMAZIOA

Dantza, Nafar Gobernuko DNA programan jaio ziren bi proposamenen eskutik helduko zaigu: Akira Yoshida & Lali Ayguadé- ren “Together to get there”, ikusleekin gertukotasuna, enpatia eta emozioaren bitartez lotura sortu nahi duena (Leitza, Valtierra Burlatan), eta iXa konpainiaren “NIk.Eu 2.0”, gizabanakoaren maskulinitatea deseraikitzen den lekua (Mutiloa, Burlata, Zizur Nagusia, Lodosa, Zangotza eta Berriozar).

Zirku garaikideko proposamenak La Banda konpainiaren "Yûgen" eta gizartean harresiei buruz egiten duten gogoeta (Los Arcos, Etxarri-Aranatz, Mutiloa, Lesaka), eta Alodeyá konpainiaren Rube" ikuskizunarekin iritsiko zaizkigu, non fisika eta zirkua umorearekin uztartzen diren. (Antsoain, Lizarra, Castejón, Murchante, Lodosa eta Ribaforada).

Antzerkiari begira jarrita Boga-Boga konpainiak "Llueven Vacas" lana taularatuko du, genero indarkeria eguneroko ogia den istorioa (Azkoien, Korella, Castejon eta Murchante). Producciones Maestras taldeak "Como un pez – Arrain bat bezala" taularatuko du galduta sentitzen den Martzialen historia kontatuz. Lan honekin batera  AFAN-ekin batera (Alzheimerra eta beste Dementzia batzuk dituzten Pertsonen Senideen Elkartea) tailer bat egingo da, gizartea oro har dementzien eta, bereziki, Alzheimerraren errealitateaz sentsibilizatzeko helburuarekin (Berriozar eta Altsasun emanaldiak euskaraz; Cintruénigo, Azkoien eta Lizarra, gaztelaniaz). Iluna Producciones taldeak "Ezkaba" mendian gertatutakoaren historian murgilduko gaitu, San Kristobal mendiko gotorlekuan gertatutakoari buruzko historia eta memoria; emanaldiaren aurreko egunetan ikuskizunarekin batera hitzaldi bat egingo da gertatutakoaren inguruko datu guztiak biltzen saiatuz (Viana, Altsasu, Irurtzun, Noain, Tafalla, San Adrian, Ribaforada, Cintruénigo). Yarleku Teatrok " 104. Haurra" eskainiko digu. Familia osorako istorioa da, eta haurren esplotazioa, elkarrekiko laguntzaren garrantzia eta sormenaren balioa egoera zailei aurre egiteko orduan jorratzen ditu (Uharte, Bera, Etxarri-Aranatz eta Leitza euskaraz eta Azagra, gaztelaniaz).

Gaur egun Antzerki Garaikidea edo lengoaia berriak esaten diogunaren ildotik, Ion Iraizozek "Simulacro" obra hibridoa dakarkigu, antzerki-hizkuntza eta ikus-entzunezkoa nahasten dituena, bizitza modu kontrolatuan gertatzen den simulakroen mundu txikia sortzen duten bi pertsonen bitartez (Zangoza, Atarrabia eta Tafalla); gainera, konpainiak  zenbait herritan  antzerki-eszena garaikidean ikus-entzunezkoen erabilerari buruzko tailer bat eskainiko du. Pez Limbo konpainiak "Marea Baja – Itsas Behera" eskainiko digu, existitzeko beharraz hitz egiten digun komedia (Korella, Irurtzun, eta Atarrabia).

Objektuen antzerkira ere hurbilduko gara. Ildo horretatik, Estefanía de Paz Asín "Olvido Flores" -en azalean jartzen da, eta Lodosara iritsitako Anastasini Zirkuko 50 artistaren troup-a arrastorik utzi gabe nola desagertu zen kontatuko digu. Ikusleekin topaketa ikuskizunaren parte izango da non sortze prozesua eta berak egindako bilaketa dokumentala azaltzeko aprobetxatuko duen (Agoitz, Zizur Nagusia, Beriain, San Adrian, Antsoain eta Berriobeiti). El Patio Teatro taldeak giza gorputzean barrena egiten duen ibilaldi laburra eskainiko digu "Entrañas” emanaldiaren bidez (Zizur Nagusia, Los Arcos, Viana eta Noain), eta, amaitzeko, Uruguaiko Coriolis konpainiaren "Manual", keinuzko antzerki-ikuskizuna, testurik gabea, eskuak lehengai sortzaile dituena (Viana, Agoitz, Uharte, Atarrabia). Bere ikuskizunak Espainian, Portugalen, Kanadan, Txilen, Brasilen, Argentinan, Kolonbian, Mexikon eta Uruguain aurkeztu dira, nazioan eta nazioartean sariak eta aipamenak jasoz.

Azkenik, euskarazko Multimedia Antzerkia izango dugu Logela Multimedia konpainiarekin eta bere "Anbotoko Mari", antzerkia, bideo-animazioa, interakzioa eta musika uztartzen dituen antzezlana (Berriobeiti, Tafalla, Bera, Noain).

LEHENENGO ASTEBURUA

Programazioa ostiral honetan abiatuko da Korella-ko Kultur Zentroan Pez Limbo konpainiaren “Marea Baja” ikuskizunarekin. Jarraian, martxoaren 2an, larunbatarekin, Zangotzako Karmengo Entzunaretoan Ion Iraizoz artistaren “Simulacro” lanaz gozatu ahal izango dugu eta, igandean, Uharteko herrian, 104. Haurra ikusi ahalko dugu, euskaraz.

Programazio osoa www.sendaberri.com webgunean, Nafarroako Antzokien Sarearen webgune ofizialaren agendan eta parte hartzen duten udalen webguneetan kontsultatu ahal izango da. Azken hauen bidez ikuskizunetarako sarrerak erosi ahal izango dira, baita programatutako jarduera paraleloei buruzko informazioa eskuratu ere.

Programación Sendaberri 2024

Programación Sendaberri 2024
X
CAPTCHA
This question is for testing whether or not you are a human visitor and to prevent automated spam submissions.
3 + 5 =
Ariketa matematikoa burutu eta emaitza idatzi. Adibidez, 1 + 3, idatzi 4.