Hemen zaude

Aurrekariak

Nafarroan konpainia profesionalentzat berariazko arte eszenikoen zirkuitu bat martxan jartzea ez da egun batetik bestera sortzen den kontua. Elkarrekin egindako bileren bitartez, Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak sektorea zein egoeratan dagoen erakutsiko duen diagnostiko kualitatiboa egitea proposatu zuen, eta horretarako, Nafarroako antzerkigintzako profesionalak eta eragileak deitu zituen; horien artean, Nafarroako Antzoki Sarea. Helburua zen zirkuituaren dinamismoa bultzatuko zuten, eta konpainia profesionalentzat, zaletuen taldeentzat eta Nafarroako publikoarentzat desegokiak diren joerak neutralizatuko zituzten ekintza zehatzak lantzea. Nafarroan antzerkiari bultzada emateko planaren barnean, lan-mahai horiek lanketa kualitatiboa egin zuten, Nafarroako Gobernuaren kultura-plan estrategikoa definituko dituzten lanen osagarri. Hortaz, xedea zen antzerkiarentzat ekintza positiboak eta lehentasunezkoak ezartzea. Ekintza erreal eta gauzagarriak, erabilgarri dauden baliabideetatik abiatuta. Horretarako, elkarrizketan eta helburuen eta ekintzen negoziazioan oinarritutako metodologia baliatu zen, partikularretik haratago joango zen jarrera batekin, errealitate desberdinak dituen kolektibo baten barnean diskurtso bateratu bat bilatze aldera. Bestela esanda: egoera partikularretik abiatu egoera orokorra aldatzeko beharrezkoak diren ekintzak proposatzeko.

Jardunaldi haietatik ondoriozta zitekeen nolabaiteko programazio kontserbatzailerako joera (irudi handiak, diskurtso arinak eta apustu txikia Nafarroako ekoizpenen alde), segur aski nahiko urria den publiko bat mantendu behar horrek eta okupazio-indize batzuk mantendu beharrak justifikaturik (diru-sarrerengatik edo kudeaketa-proiektuen emaitzengatik). Horien ondorioz, ez programazioko profesionalek, ez publikoak ez dute behar bezala baloratzen Nafarroako konpainien ekoizpenak. Horrela, konpainia horien lanei balioa emango liekeen zirkuitu bat martxan jartzeak programazio-joera horiek eta publikoak bertako antzerkiarekiko duen pertzepzio negatibo hori hausten lagunduko luke.

Topaketa eta jardunaldietan, adostasun-maila handiarekin, aipatzen ziren beste kontu batzuk izan ziren:

  • Sareko lanak. Beste autonomia-erkidegoekin batera ekoizteko hitzarmenak, zirkuituak sortze aldera.
  • Foru Erkidegoko ekoizpenak positiboki puntuatu. Diskriminazio positiboa arte eszenikoentzako hainbat urtetarako plan estrategiko baten barnean, konpainien eta sortzaileen egitura bat garatzeko helburuarekin.
  • Biran dabiltzan ikuskizunei (bai Nafarroakoak, bai Nafarroatik kanpokoak) ekonomikoki laguntzeko formulak sortu.

Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren ekintza-planaren barnean 2016ko urriko jardunaldietan eta aurretiko topaketetan proposatu zenaren inguruko aipamenak ere irakur daitezke; besteak beste, sare, federazio eta erakunde profesionalekiko nahitaezko lankidetza (Nafarroako Antzoki Sarea, Kultura-kudeatzaileen Elkartea, Arte Elkarteak, eta abar). Sustapen-planean nolabait ere presente zeuden proposamen hauek jaso dira:

  • Nafarroako konpainiek Foru Erkidegoko jokaespazioetan presentzia handiagoa edukitzeko ahaleginak areagotu beharko lirateke.
  • Ezinbestekoa da Nafarroako Antzoki Sarearen, Nafarroako Gobernuaren eta konpainien arteko koordinazioa. Halaber, espazioak eta konpainiak uztartzeko aukera azpimarratzen da, "konpainia egoiliar" gisa.

Alegia, funtsezko bi ildo horiek sektoreak proposatutako "desio" horietako batzuk lortzera bideratzen dira:

  • Sostengu handiagoa konpainiei, ikuskizun hobeak sor ditzaten.
  • Edozein laguntza jasotzeko tramitazio konplexu ahal den neurrian erraztu, eta sektoreak duen egoera ahula aintzat hartu, sektoreak bere burua garatu ahal izateko eta lanbide-egiturak finkatzeko, administrazio-eskakizunek ito gabe.
  • Bertakoari gizarte-prestigioa eman, bai publikoaren aitzinean, bai programatzaileen aitzinean.
  • Kultura Zuzendaritza Nagusiaren eta Nafarroako Antzoki Sarearen arteko lankidetza indartu.
  • Nafarroako konpainiak mugakide diren erregioetara ateratzea bultzatu, lankidetza-akordioen eta sareko lanaren bitartez; horrek, probintzien arteko zirkuitu bat osatzea ekarri beharko luke.
  • Nafarroako konpainia profesionalen emanaldiak areagotu, jokaespazioei pizgarriak emanez.
  • Dantzaren sektore profesionala indar handiagoz babesten jarraitu Nafarroako Antzoki Sarearen agertokietako ikuskizunetan.
  • "Konpainia egoiliar" formula sustatzea azpimarratu, konpainiak jokaespazioetan errotzeko modu apropos gisa, sormen artistikoa bultzatuko duten sinergiak sortuz.
  • Publikoak sortzen lagundu.
X
CAPTCHA
This question is for testing whether or not you are a human visitor and to prevent automated spam submissions.
8 + 6 =
Ariketa matematikoa burutu eta emaitza idatzi. Adibidez, 1 + 3, idatzi 4.