Hemen zaude

Aurkezpena

Nafarroako Arte Eszenikoen Zirkuitua Nafarroako Antzoki Sarearen berariazko programa bat da. Antzerkiko eta dantzako konpainia profesionalek, Nafarroakoak nagusiki, sortutako ikuskizunak eskaintzen ditu. Eskaintza hori konpainiek egiten dituzten proposamenekin osatzen da, eta Nafarroako Antzoki Sareko udaletako jokaespazioetara bideratzen da. Batzorde artistiko baten bitartez, zirkuituaren katalogoan dauden ikuskizunak hautatzen dira. Udaletako jokaespazioek katalogo horretatik aukeratzen dute programatu nahi duten ikuskizuna, konpainiarekin harremanetan jartzen dira, emanaldiaren eguna eta ikuskizunak dituen premia teknikoei nola erantzun hitzartzen dute, eta horren guztiaren berri Sarearen bulegoari jakinarazten diote; bulegoak prozesu osoa kudeatzen eta ikuskatzen du.

Zirkuituaren asmoa da Vianako Printzea Erakundea - Kultura Zuzendaritza Nagusiaren hainbat eginkizunei erantzutea, Antzerkia Sustatzeko planean eta Dantza Sustatzeko Planean jasoak: besteak beste, kalitateko arte-eskaintza bat sustatzea, eskualde osoan banatua; eta Nafarroako sortzaileak eta artistak sustatzea, arte eszenikoen sektore profesionalaren premiei erantzunez. Zirkuitua RTN-NASen programa bat da, eta Vianako Printzea Erakundea - Kultura Zuzendaritza Nagusiaren laguntza jasotzen du hitzarmen baten bitartez. Programaren xedea da antzerkiaren eta dantzaren arloetan Nafarroako profesionalen ekoizpen artistikoa bultzatzea, eta 2018an zehar ekoizpen horiek programetan jasotzea Antzoki Sareko kide diren udaletako jokaespazioetan. Vianako Printzea Erakundea - Kultura Zuzendaritza Nagusiak ekonomia-ekarpen garrantzitsua egin du 2018an programa martxan eta funtzionamenduan jartzeko. Udalerrietako jokaespazioek programatuko dituzte 2018ko zirkuituko katalogoa osatuko duten ikuskizunak, eta cachearen zati bat ordainduko dute. Antzoki Sareak bere gain hartuko ditu programak koordinatzea, kudeatzea eta aurrera ateratzea.

TITULARITATEA - NAFARROAKO ANTZOKI SAREA

Nafarroako Antzoki Sareak ibilbide laburra izanik ere, eta oraindik heltze-bidean dagoela esan badaiteke ere (lau urte baino ez baititu), hasieratik beretik jakin izan du beste autonomia-erkidegoetako sareen eta zirkuituen esperientzia baliatzen eta sarearen helburuak argi eta garbi planteatzen, eta oso denbora tarte laburrean funtsezko tresna bihurtu da, bai udalentzat, bai Nafarroako Gobernuarentzat arte eszenikoen eta musika-arteen arloetan haien kultura-politikak aurrera ateratzeko orduan. Gaur egun 32 udal dira sareko kide. Azken urteotan, lan goraipagarria egin da eskualdeko udal anitzetan jokaespazioak izanen dituzten kultura-etxeez hornitzeko udal horiek. Jokaespazio horiek baldintza nahikoak betetzen dituzte Estatu osoan gaur egun biran dabiltzan ekoizpen nazional gehienak haien jokaespazioetan aurkeztu ahal izateko. Halaber, kasurik gehienetan edukiera nahikoa eta sobera da udalerri horietako publikoa ikuskizun horietara joan ahal izateko.

Orain arte, ekintza nabarmenak gauzatu ditu: besteak beste, sarrerak Internet bidez saltzea; segurtasun-neurriak eta larrialdi-egoeretan jokaespazioak husteko neurriak ezarri ditu; jokaespazioen kultura-kudeaketaren profesionalak prestatzen lagundu du; programatzeko lana errazteko, informazio eta orientazio egokiak jarri ditu bere eskura; beste sare eta zirkuituekin, programatzaileekin eta profesionalekin harremanak egiteko aukera eman du; babesleak edo mezenasgoa lortzen lagundu du; jokaespazioak egokitu ditu entzumen- edo ikusmen-arazoak dituen publikoa hartzeko.

Nafarroako Antzoki Sarea Kultura Zuzendaritza Nagusiaren bazkide naturala da antzerki- eta dantza-arloko Nafarroako konpainia profesionalekin arte eszenikoen zirkuitu bat martxan jartzeko. Horrela, berariazko hitzarmen bat dago Sarearen eta Kultura Zuzendaritza Nagusiaren artean zirkuitua martxan paratzeko eta kudeatzeko.

Xede horretarako, Sarearen interesak eta bokazioak beraiekin ekarri dute, deialdi publiko baten ondoren, aipatu zirkuitua koordinatzeaz, sustatzeaz eta garatzeaz arduratuko den profesional bat aukeratzea. Berau harremanetan egonen da, iraunkorki, sektoreko elementuekin; besteak beste, Kultura Zuzendaritza Nagusiarekin nahiz Nafarroako arte eszenikoetako profesionalekin. Zirkuituak baliagarria behar du izan arte eszenikoetako konpainia profesionalak sustatzeko eta Sareko jokaespazioetan Nafarroako kalitateko ekoizpen gehiago egoteko, publikoa Nafarroako Gobernuaren eta Sarearen beraren eskutik etorriko diren ikuskizunetara interesarekin eta konfiantzarekin etor dadin.

X
CAPTCHA
This question is for testing whether or not you are a human visitor and to prevent automated spam submissions.
2 + 0 =
Ariketa matematikoa burutu eta emaitza idatzi. Adibidez, 1 + 3, idatzi 4.